EU
Gobierno Vasco

Blogak »
AZKEN EGUNA giro onean pasa dugu eskolan




Eskolako azken eguna ere iritsi da noizbait eta umore onean esan diogu agur ikasturteari. Azkenengo hilabetetan aurrera eraman diren kirol txapelketen finalak jokatu dira lehendabizi; pin-pon, eskubaloia, pala, esku-pilota, saskibaloia eta futbola. Futbol txapeldunek irakasleen "Dream Team"-a izan dute aurkari final nagusian eta 3-2ko markagailu estua izan da amaieran, ikasleen alde. Txapelketa guztiak kontutan hartuta DBH 4B gela nagusitu da azken puntuaketan eta Frontoian bazkari eder bat eginez ospatu dute garaipena.

Dena ez zen kirola izango eta kulturak ere izan du tarterik egun honetan. Bi aurkezpen izan ditugu. Alde batetik DBH 4ko ikasle batzuek Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolan egin duten "Zamak" laburmetraia aurkeztu digute. Bestetik Batxilergo 1. mailako ikasleek Elizondon grabatu duten diskoaren berri eman digute eta CD-ak saltzen ezezik sinatzen ere izan ditugu, musikari profesionalek egiten duten antzera.

Eta noski, azken eguna izanik, DBH-ko ikasle guztiek notak jaso dituzte. Gehienek oso pozik hartu dituzte, gutxi batzuek orain izango dituzten ez-ohikotan egin beharko dute azken ahalegina.

© Zumaiako Institutua
Telefonoa: 943899253 | Telefonoa: 943899254 | Fax: 943899255 | idazkaritza@zumaiabhi.eus