EU
Gobierno Vasco

Zumaiako Herri Eskolak elkartrukea egin du

ikasle nafarren euskara indartzeko

 

  • Otsagabia eta Garraldako eskolekin 8 urte darama elkarlanean
  • Ikasle askorentzat euskararekin izandako bizipenik atseginena da

 

Herri euskalduna izanik, Zumaiak euskararen arnasgune funtzioa betetzen du Euskal Herrian. Zumaiako Herri Eskolak ikasle elkartrukearen bidez konpromisoa erakusten du arnasgune izaera horrekin. ZHEk 8 urte darama elkarlanean Otsagabiako eta Garraldako eskola publikoekin ikasleen elkartrukeak antolatzen. Oraingoan, 30 ikasle nafar etorri dira ikasle zumaiarren etxeetara elkartruke programaren bidez.

    Otsagabiako eta Garraldako institutuetako ikasleak zumaiarrekin batera pasatu dituzte hiru egun, eta edozein arlotan euskara naturaltasunez darabilen herria ezagutu dute. Egitarau bete-betea izan dute egunotan: Zumaiako naturgune nagusiak ezagutu, arraunean ibiltzen ikasi, Getariara txangoa egin,...

    Horrek euren euskara indartzeko eta euskararekiko dituzten aurreiritziak aldatzeko balioko dio ikasle askori. Ildo horretan, elkartruke honen balioa ikerketa soziolinguistikoek berresten dute; izan ere, bailara hauetako ikasle nafar askok euskararekin izan duten esperientziarik atseginena zumaiarrekin egotea dela adierazten dute.

    Azkenik, azpimarratzekoa da familiek erakutsi duten konpromisoa eta borondatea elkartrukea paregabea izan dadin. Beraien etxeetako ateak parez pare ireki dizkiete ikasle nafarrei eta arreta adeitsua eskaini diete une oro. Eskerrik asko guztioi!


© Zumaiako Institutua
Telefonoa: 943860809 | Telefonoa: 943862320 | Fax: 943860810 | idazkaritza@zumaiabhi.eus