AZKEN EGUNA giro onean pasa dugu eskolan





Eskolako azken eguna ere iritsi da noizbait eta umore onean esan diogu agur ikasturteari. Azkenengo hilabetetan aurrera eraman diren kirol txapelketen finalak jokatu dira lehendabizi; pin-pon, eskubaloia, pala, esku-pilota, saskibaloia eta futbola. Futbol txapeldunek irakasleen "Dream Team"-a izan dute aurkari final nagusian eta 3-2ko markagailu estua izan da amaieran, ikasleen alde. Txapelketa guztiak kontutan hartuta DBH 4B gela nagusitu da azken puntuaketan eta Frontoian bazkari eder bat eginez ospatu dute garaipena.

Dena ez zen kirola izango eta kulturak ere izan du tarterik egun honetan. Bi aurkezpen izan ditugu. Alde batetik DBH 4ko ikasle batzuek Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolan egin duten "Zamak" laburmetraia aurkeztu digute. Bestetik Batxilergo 1. mailako ikasleek Elizondon grabatu duten diskoaren berri eman digute eta CD-ak saltzen ezezik sinatzen ere izan ditugu, musikari profesionalek egiten duten antzera.

Eta noski, azken eguna izanik, DBH-ko ikasle guztiek notak jaso dituzte. Gehienek oso pozik hartu dituzte, gutxi batzuek orain izango dituzten ez-ohikotan egin beharko dute azken ahalegina.

DBH 4 Zarautzera oinez



DBH 4. mailako ikasleak Zarautzera joan ziren oinez. Ibilbide ederra eta eguraldi paregabea izan zuten.

DBH 3-ko ikasleak iparraldean



DBH 3-ko ikasleak Bidarrain izan ziren rafting egiten eta ondoren Senperen bazkaldu zuten. Batzuek Donibane Garazi ere ikusi zuten.

DBH 2ko ikasleak Gamarran ikasturteari agur esaten

 

DBH 2-ko ikasleak Gamarrako igerilekuetara joan ziren egunpasa ikasturte amaiera ospatzera. Hemen dituzue atera genituen argazkiak.

DBH 1eko ikasleak Mendexan izan ziren



DBH 1eko ikasleak Bizkaia aldean izan ziren asteartean ikasturte bukaerako egunpasa egiten. Hasieran Mendexa Abentura Parkean zuhitzetako tirolina, zubi eta lianatan tximinoak bezala aritu ziren eta eguna hondartzan amaitu zuten.